literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Naiara Garzia
111 Akademia, 2018-01-04
[iturburua]
Eider Rodriguez:
«Ez dut idatzi nahi zainak mozteko literatura; lehenago agian ez zitzaidan inporta, baina gaur egun ez dut hori egin nahi»

Azaroan aurkeztu zuen Eider Rodriguezek (Orereta, 1977) Bihotz handiegia (Susa) bere azkeneko ipuin-bilduma, bi urte eta erdi inguru idazten eman ondoren. Fikziozko laugarren lan honetan sei ipuin jaso ditu, bizitza arruntak dituzten pertsonaien sei istorio.

Hendaiako hondartza egunez sentimendu bat da, ezer ez den, inon ez dagoen, inor ez direnen herri hau. Ospitaleak, aireportuak, kontzentrazio esparruak eta Hendaiako hondartza. Izen berbera daraman Haragia liburuko lehenengo ipuinaren hasiera da hori, Rodriguezek 2007an kaleratua. Hondartza horretan gelditu gara, kasinoan hain zuzen ere, bere azken liburuaz mintzatzeko.

Zein izan da idaztea gehien kostatu zaizun ipuina?

Azkena. Ebazten zailena amaren eskuei buruzkoa izan da, Ez duzu ezer arraroa antzematen? izena duena, nahiz eta hasieratik oso argi neukan nola hasi eta zer kontatu nahi nuen, baina asko kostatu zitzaidan bukaera ematea. Amets bat izan nuen eta hor hasi zen dena. Emakume hau azaldu zitzaidan bere eskuak ez zirela esanez, eta idazketa prozesu guztian egon naiz ulertu nahian amets horrek zer kontatu nahi zidan…

Eta zer kontatu nahi izan duzu?

Protagonistak bere gorputzarekiko lotura galtzen du, autopertzepzio hori. Jada bera ez da bera, bere buruarengandik aldentzen hasten da. Eta horrekin batera ama-alaben arteko harremana, nor den ukitu nahi duzun baina ausartzen ez zaren hori. Inkomunikazioa maite dugunon artean ere zein larria den eta zein presente dagoen. Ipuin hau idaztea gogorra egin zait. Terreno lokaztu batzuetan sartu nintzen gainera, eta beharbada horrekin pasa dut okerren. Horregatik ere orekatu nahi izan dut umorearekin. Nire ustez gogorra den zerbait kontatzen dut, baina umorea sartu nahi izan diot, pixka bat hortik ateratzeko. Ez dut idatzi nahi zainak mozteko literatura; lehenago agian ez zitzaidan inporta, baina gaur egun ez dut hori egin nahi.

Zuloan sartu…

Bai, gainera, ezer ez da hain terriblea niretzat, eta ez dut hori transmititu nahi. Ez dut horretan sinesten. Kosta egin zait adoleszenteagoa den begirada horretatik aldentzea.

Paisaiak ipuinaren izenburua, zergatik?

Paisaiek eragin egiten digutelako, eguneroko bizitzan eta gure aldartean eta gure hitz egiteko maneran eta gure erlazionatzekoan. Uste dut liburu guztian zehar daudela paisaien deskribapenak. Horiek, pertsonaien barne-mundua baino gehiago, pertsonaia bizi den mundua girotzeko erabili nahi izan ditut. Adibidez, ipuin honi izenburu hori jarri nion paisaia edozer izan daitekeelako: izan daiteke fabrika abandonatu bat, baina izan daiteke umetoki bat barrutik ere, edo izan daiteke ekografia batek erakusten dizuna, barruko paisaia bat, paisaia intimo bat. Barne turismo hori egin nahi nuen gorputzaren barrutik, egia baita horrekiko lilura pixka bat badaukadala. Ekografiak lehenengoz ikusi nituenean gogoratzen naiz ematen zuela elurra ari zuela, ez? Gero forma hartzen joaten da. Eta hori interesgarria iruditzen zait.

Ipuinik bitxiena al da?

Bai. Agian bada erregistroz gehien ateratzen dena, besteen ondotik gehien aldentzen den ipuina. Hain zuzen ere, hori gustatzen zait. Editoreak eta biok hitz egin genuen horren inguruan. Berak esaten zuen daukala fantasia ukitu bat, baina ez zait iruditzen horrek kalte egiten dionik ez bilduma honi ez orokorrean literaturari; erregistroz kanpoko gauzak egotea, alegia, gure bizitzak askotan horrelakoak baitira, baina gauza horiek borratu egiten ditugu. Hain zuzen ere, uste dut istorio honek barne paisaia horretatik abiatzea eskatzen zuela. Oso instintiboki iritsi nintzen bukaera horretara.

Oro har, egunerokotasunean inspiratzen al zara?

Ez dakit hala den, baina nire pertsonaiak kotidianoak diren egoeretan bizi dira. Bizitza arrunt xamarrak dituzten pertsonaiak dira. Jende horri begiratzea gustatzen zait.

Eta hasiera zein izaten da?

Ez naiz joaten kotidianotasunaren atzetik, ea zerbait aurkitzen dudan… Gehiago da: zerbait gertatu zait, zerbaitek kolpatu nau, amets bat eduki dut, beste batek amets bat kontatu dit, abesti baten letra bat gaizki ulertu dut eta irudi bat eman dit, dialogo zati bat entzun dut eta berreraikitzerakoan istorio bat sortu zait… Badaude horietako gauza batzuk beste bizitza bat eskatzen dutenak edo hartzen dutenak. Ez zaituzte abandonatzen. Zer gertatuko litzateke baldin eta…? Eta bueltatzen da, eta bueltatzen da, eta bueltatzen da… eta horrelakoetan argi daukat: idatzi egingo dut. Ez da hainbeste bilatutako zerbait.

Noiz erabakitzen duzu ez diozula testuari buelta gehiago emango?

Nire buruaz aspertzen naizenean eta ez dudanean ikusten istorio hori nola hobetu, eta kasu batzuetan okertzen ari naizelako. Kasu horietan ez zara konpontzen ari, kontatu nahi zenuen horretatik aldentzen baizik. Nik normalean buelta asko ematen dizkiet bertsioei, eta ez dakit zenbat bertsio edo dokumentu daramatzadanean bukatuta dagoen edo ez jakiteko galdera hauxe izaten da: kontatu al dut kontatu nahi nuen hori? Eta ez da erraza izaten horri erantzutea. Saiatzen naiz hasierako lilura hori jasota dagoen konprobatzen, zaila dena; baina hori izaten da froga.

Lehenengo ipuina da luzeena eta liburuari izena ematen diona. Zaintzaren gaia jorratu nahi izan al duzu?

Nik uste dut asko idatzi dela gai horri buruz, eta oso ongi; beraz, ez zen hori nire asmoa. Zein hauskorrak diren sentimenduak eta loturak, uste dut hori kontatu nahi nuela. Bizitzak jartzen zaitu toki batzuetan zeinei esker deskubritzen baituzu nor zaren edo nor izan zaitezkeen, eta hori sartzea gustatzen zait. Ipuin hau idazten oso ongi pasatu dut, saiatu naiz pertsonaia planoak ez erakusten, konplexuak baizik, horrelakoak baikara, biak batera: oso sinpleak eta konplexuak.

Istorioak kontatzea edo sentsazioak transmititzea?

Niri gustatzen zait istorioa sortzea, forma ematea, pertsonaia imajinatzea… sortzen egotea, istorio horrek forma hartu arte. Idaztea ez zait hainbeste gustatzen. Aurreko hori gustatzen zait. Askotan nahasita daude, sortzeko idatzi behar duzu, baina hori gustatzen zait. Pertsonaiak marrazten joatea, eraikitzen: eramango lituzke horrelako zapatak, zineman traba egingo lioke aldamenekoak txikle pakete bat irekitzeak ere… Hori da apasionatzen nauena. Gero idaztea ere bai, baina sormen garai horrekin disfrutatzen dut.

Elkarrizketek garrantzi handia dute zure liburuetan?

Bai, pisu handia dute. Gauza asko komunikatzen dira dialogoen bitartez: aldarteak, nola kokatzen den bakoitza boterearen aurrean, zein estilotako pertsona den, nola ikusten duen bere burua besteen aurrean… eta inportanteena da pertsonaiak berak adierazten duena, eta ez narratzaileak edo idazleak. Eta ez zait erraza egiten, azkenean elkarrizketak kaleko hizkera baitira, guk dauzkagun gaje guztiekin, euskaraz esan nahi dut, eta badauzkazu euskaldunak ez diren pertsonaiak ere… Beraz, hor erabaki asko hartu behar dira. Baina bai, gustatzen zait dialogoak sartzea.

Irakurle bezala zein autore gustatzen zaizkizu?

Oso garaika doan zerbait da eta oso kaotikoa naiz irakurtzen. Askotan esan dut, baina nire ustez Alice Munro da ipuingilerik onena.

Eta ipuinik onena?

Asko daude. Asko okurritzen zaizkit. Niri interesatzen zaizkit argentinarrak, mexikarrak, txiletarrak, estatubatuarrak… Alice Munro kanadarra da. Orain irakurri dut Margaret Artwooden liburu bat, kanadarra bera ere. Ameriketako idazleak gustatzen zaizkit, irakurle bezala ez zait hainbeste gustatzen orokorrean Europako literatura, ez dakit nola esan, hain barnera begirakoa. Oxigenoa gustatzen zait eta hori ez dut aurkitzen gaur egungo Europako literaturan. Txalapartan lan egin nuenean Afrikako literatura dezente irakurri nuen eta oso gauza interesgarriak aurkitu nituen. Orain gehiago irakurtzen dut oso lirikoa ez den literatura bat.

Literaturaz gain, zein da gehien gustatzen zaizun arte diziplina?

Niri gehien gustatzen zaidana zinema da. Zinema asko ikusitakoa naiz, gaur egun ez dut hainbeste jarraitzen, astebururo-astebururo behintzat; baina bai, musikaren gainetik jarriko nuke.

Gehien berrikusi duzun pelikula?

Wong Kar Wairen In the mood for love askotan ikusi dut, edo Aristarainen Un lugar en el mundo… Godard ere oso gustukoa dut.

Eta gehien berrirakurri duzun liburua?

Marguerite Durasen Maitalea askotan irakurri dut, Camusen Arrotza, Julio Cortazarren ipuinak, Alice Munrorenak… Horietako batzuk irakurri ditut bospasei bider, Haur besoetakoa, Lagun izoztua ere bai —kasu horretan tesiarengatik—, Jamaica Kincaid ere hiru bat aldiz irakurri dut… Baina ziurrenik gehien berrirakurri dudana Durasen Maitalea da.

Diziplinatua zara?

Idazterakoan bai, oso. Gainontzean ez, oso kaotikoa naiz; baina idazterakoan bai. Gustatzen zait jartzen naizenean bizpahiru orduz egotea, ez gehiago, eta ez dakit zenbat egunetan horixe egin ahalko dudala jakitea. Horrela antolatzen naiz, eta interneterako sarbiderik gabe, telefonoa kenduta, bakarrik…

Katu jendea liburuan bakarrik dauden pertsonaia asko azaltzen dira: Agnus andrea, Ane Basabe, Hazia ipuineko ama izan berri den emakumea… Beti da bakardade bera?

Beharbada bai. Gertatzen dena da gero nik ez daukadala modu kontziente batean problemarik bakardadearekin. Ez da pertsonalki kezkatzen nauen zerbait. Oso soziala naiz.

Ez dira, beraz, ipuin autobiografikoak?

Ez, autobiografikoak dira nire gorputzetik ateratzen diren heinean. Batzuetan badago zerbait autobiografikoa dena, baina niri sortzea gustatzen zait, asmatzea. Ez zait hainbeste gustatzen norbaitek zerbait kontatzea eta gero nik horri forma ematea, baina egia da askotan asmatze prozesu horretan benetan niri edo aldamenekoei gertatutakoak ere agertzen direla. Azkeneko liburu honetan, nerabezaroari buruzko ipuina oso autobiografikoa da.

“Horrelakoa da nire asperdura: denboraren hiperkontzientzia, depresio iragankor bat, hiltzeko gogoa” esaten duzunean, adibidez?

Bai, asko aspertu naiz haurtzaroan eta nerabezaroan. Nik ez dut gogoratzen bakardadea, gogoratzen dut asperdura. Angustia handia sortzen zidan.

Literaturak zer ematen dizu?

Irakurle bezala literaturak eman dit eta ematen dit mundura lotuta egoteko zubi bat eta arrazoi bat. Eta nik uste hortik datorkidala literaturarekiko pultsio hori: asko aspertu naizenez asko irakurri dut eta irakurtzen gauza asko gertatu zaizkit. Horregatik daukat atxikimendu hori irakurketarekin.

Esan nahi duzu irakurtzea bizitza esperientzia bat izan dela?

Bai. Gauza asko ikusi ditut, sentitu ditut, ezagutu ditut… Bidaiatzen baino askoz gehiago. Idaztearena, berriz, kasualagoa izan da, ez baitut eduki idazle izateko ametsa.

 

Bilaketa